XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gauez guztiz argiztaturik dauden gure hirietako kaleei begira egotea ikusgarria izan daiteke.

Hori da korronte elektrikoaren efektu miresgarrietako bat.

Baina, inoiz galdetu al diozu zeure buruari, zenbat arazo tekniko eta zientifiko ez ote diren gainditu behar izan korronte elektrikoa ekoizteko eta kontsumo-lekuetaraino garraiatzeko?

XVIII. mendearen erdialdean, itsasgizon ingelesek korronte elektrikoaren ekoizpen-modu bitxia aurkitu zuten Hego Amerikako ibaietan.

Deskarga elektriko boteretsuak sortarazten zituen aingira bat zen; hain zuzen, korronte elektrikoa aingira bi puntutan ukitzen zuen pertsonaren gorputzean zehar pasatzen zen, korronte bortitz modura.

Deskarga horien laguntzaz aingira bere aurkarietatik babesten da, eta, egiaztatu denez, 800 volteko tentsiora irits daitezkeen deskarga horiez baliatuz dozenaka bonbila piztu daitezke.

Hala ere, uler daitekeenez, korronte elektrikoaz hornitzeko bestelako irtenbide hobeak asmatu behar ziren.

1800ean, Alejandro Volta (1745-1827) izeneko italiarrak lehenengo metodo praktikoa asmatu zuen korronte elektriko iraunkorra sortzeko.

Korronte jarraia sortzen zuen lehenengo pilaren asmakizunaren bitartez lortu zuen hori.

Geroago, 1831n, Michael Faraday (1791-1867) izeneko ingelesak beste aurrera- pen handia ekarri zuen: lehenengo alternadorea asmatu eta eraiki zuen, hau da, gaur egun normalean erabiltzen dugun korronte alternoaren sorgailua.

Era honetan, pausoz pauso, elektrizitatearen garapenaren historia aurrerantz joan da gure egunotara arte, hain modu ikusgarrian ezen elektrizitatea gizateriaren aurrerapenaren motorea dela esan baitezakegu.

Voltaren pila

Korronte jarraia sortzeko lehenengo pila Voltak asmatu eta eraiki zuen.

Horretarako, kobrezko disko txikiak jarri zituen zinkezko beste diskoekin alternaturik, bata bestearen gainean eta zutabea eratuz.

Diskoen tartean gatz-uretan blaituriko ikatzezko piezatxoak jarri zituen.

Modu horretan eraturiko zutabearen goiko eta beheko parteak eroale batez konektatuz, korronte elektrikoa ekoizten zela egiaztatu zuen.